XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alberto Ansola: Arabar gehienek berreskuratu nahi dute euskara

Alberto Ansola, Arabako Foru Aldundiaren diputadu nagusia, jaiotzez soraluzearra bada ere, bihotzez arabarra dugu.

Bere ustez, euskararen suspertzeak egunetik egunera egiten du aurrera Arabako toki askotan, eta hori arabar gehienen pozgarri da.

-DEIA: Aurtengo Araba Euskaraz beste aldi batzuetakoa baino bereziagoa al da?

-Alberto Ansola: Aurtengoak esanahi handia du niretzat.

Diputazioan Hezkuntzaz arduratu nintzeneko denboran, 1983tik 1985era hain zuzen ere, egin ziren gure Errioxako ikastola guztiak.

Beraz, niretzat oso berezia da aurtengoa.

Horretaz gain, Lapuebla de Labarkan bertan egiteak badu berez egundoko garrantzirik.

Eskualde horretan euskarak jasaten duen atzerapena Euskal Herriko beste eskualde batzuetan jasaten duena baino askoz nabarmenagoa da.

Aldi berean, errioxatarrak euskara aurrera ateratzeko egiten ari diren ahaleginek ez dute parekorik.

Bere jokaera txalogarria da benetan.

Horrexegatik da berezia.

-D.: Badago zenbait arazo Labarkako ikastolaren eta Hezkuntza Sailaren artean, ezta?

-A. Ansola: Bai, hor badaude arazo batzuk Hezkuntza Saila eramaten ari den politika atzerakorra dela-eta.

Nik argi eta garbi esan nahi dut gure aldetik, EAJtik, errioxatarrek laguntza osoa izango dutela.

Ez dugu alferrik egin hainbeste lan gure Errioxan euskara indartzeko eta zabaltzeko, orain dena porrot egiteko.

Nik uste dut ikastolakoek horregatik pentsatu zutela Araba Euskaraz Lapuebla de Labarkan egitea, laguntza moral gisa.

-D.: Zer egiten du Arabako Diputazioak gaur egun euskarari dagokionez?

-A. Ansola: Beno, 1985ean LTH zela-eta konpetentzia-aldaketa izan zen euskal erakundeen artean.

Gobernua hizkuntz-politikaren eginkizunen jabe egin zen.

Egun Diputazioak ez du administrazioko konpetentziarik.

Guk beste maila batean jarduten dugu.

Laguntzak ematen dizkiegu euskaraz egiten diren ekintzei, batez ere kulturan.

-D.: Oraindik orain, euskararen erabilpen soziala dela-eta, UAkoak bazterrak nahastera etorri dira...

-A. Ansola: UAkoek horrelako adierazpenak egin behar dituzte haien bezeroak pozik egon daitezen.

Baina Araban argi dago, argi eta garbi gainera, arabar gehienek euskara berreskuratu eta elebitasuna lortu nahi dutela.

Normala denez, hemen eraman daitekeen erritmoa ez da Gipuzkoan edo Bizkaian bezalakoa.

Araban, beste herrialdeetan bezalaxe, normalkuntza bertoko egoera sozial eta historikoari lotu behar zaio.

Hemen pausoka-pausoka ibili behar da, baina, hori bai, beti aurrerantz.

-D.: Zein izan daiteke gakoa euskara Araban berpizteko?

-A. Ansola: Nire ustez, gatazkarik ez izatea oso garrantzitsua da.

Ez Araban ez Euskal Herri osoan ere ez zaigu komeni hizkuntz-gatazkarik izatea, hizkuntzaren inguruan iskanbilak sortzen ibiltzea.

Ahalegin handiak euskararen alde egin behar dira, jakina.

Hori, nik uste, arabar gehienek argi dute.

Baina, honetaz gain, arabarrok argi dute hizkuntza biak behar ditugula, erdara zein euskara.

Hori beharrezkoa da elkarbizitza lasaia egiteko.

Erdarak euskara zapaltzea edo euskarak erdarak zapaltzea ez da irtenbidea.